Madrilen Quantum Matter International Conference: Material eta teknologia kuantikoen aurrerapenerako foro globala
Material kuantikoen aukerak eta aplikazioak aztertzeko zientzia eta enpresa munduko pertsona ospetsuak bilduko ditu erreferentziazko ekitaldiak, ideia berriak katalizatuz eta lankidetza berriak sortuz puri-purian dagoen arloan. Quantum Matter International Conference 2023ren egoitza izango da Madrilgo Espacio Pablo VI, maiatzaren 23tik 25era. DIPC, ICN2, CSIC eta Phantoms Foundation antolatzaileek eta QTEP-CSIC, BIST, ICREA eta Quantum Spain laguntzaileek egindako ahalegin bateratuari esker gauzatu da ekitaldia.
Aurrerapen teknologikoek gero eta gehiago eragiten dioten mundu honetan, material kuantikoek muga berri bat irudikatzen dute, hainbat industria eraldatzeko eta erronka globalei aurre egiteko ahalmenarekin. Konputaziotik komunikazioetara, medikuntzatik eta energiatik igaroz, fenomeno kuantikoek gure gaitasunak birdefini ditzakete, eta esploratu gabeko bideak ireki. Quantum Matter International Conference 2023 erreferente bihurtu da aurrerapen azkarren une honetan, eta ideien trukerako eta eztabaidarako foro globala eskaintzen du.
Topaketaren hirugarren edizioaren bidez, informazioaren eta materialen zientziaren arloko profesionalak, ikertzaileak eta iritzi-liderrak elkartu nahi dira. Egitarauak barne hartzen ditu hainbat gairi buruzko saioak, mahai-inguruak eta material kuantikoek industrian dituzten aplikazioei buruzko ia egun osoko Industrial Forum delakoa. Etorkizunari begira jarrita, biltzarrak balioko du abangoardiako teknologien eta sortzen ari diren materialen garapenean lankidetzak eta berrikuntzak sortzeko.
Donostia International Physics Center (DIPC), Institut Català de Nanociència i Nanotecnologia (ICN2), Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC) eta Phantoms Foundation erakundeek elkarrekin egindako ahaleginari esker gauzatu da ekitaldia. Erakunde horiek zientzia eta teknologiaren garapenarekin eta sustapenarekin konprometituta daude, eta elkarlanean dihardute material kuantikoen arloan eta haratago ikerketa sustatzeko eta ingurune aberasgarri eta eraikitzailea eskaintzeko.
Ekitaldia laguntzeko, sektoreko zenbait entitate giltzarri kide gisa batu dira, hala nola QTEP-CSIC, BIST, ICREA, eta Quantum Spain. Erakunde horien zeregina funtsezkoa da, eragin handia baitute gailu kuantikoen formazioan, ikerketan eta berrikuntzan, bai eta Espainian konputazio kuantikoko azpiegitura sendo bat sortzearen aldeko apustuan ere.
Konferentziak goi-mailako hizlarien zerrenda luzea izango du, besteak beste: Jerry Chow (IBM), Daniel Loss (University of Basel), Mikhail Lukin (Harvard University), Zlatko Minev (IBM Quantum Research), Chetan Nayak (Microsoft Research), Ana Maria Rey (Coloradoko Unibertsitatea), Pedram Roushan (Google Inc) eta Pascale Senellart-Mardon (C2N-CNRS-Université Paris Saclay). Guztiek beren ezagutzak, ikuspegiak eta azken ikerketak partekatuko dituzte ekitaldian.
Quantum Matter International Conference 2023 ekitaldi bat baino gehiago da: material kuantikoen arloko aurrerapenetara eta joeretara leihoa da. Konferentzian zehar elkarrizketak egingo dira pertsona garrantzitsuekin, eta erakunde antolatzaileen YouTubeko kanalaren bidez zabalduko dira; hala, eremu zirraragarri horretako aurkikuntza eta garapen berrienetarako sarbidea are zabalagoa izango da.