Román Orúsek “Fisika, Berrikuntza eta Teknologia” saria jaso du Fisikako Espainiako Errege Elkartea-BBVA Fundazioaren eskutik

2024 Urr 1

Teknologia kuantikoen arloan egindako ekarpen garrantzitsuengatik saritu dute DIPCko Ikerbasque irakaslea eta Multiverse Computing-eko sortzaile eta zuzendari zientifikoa

Román Orúsek “Fisika, Berrikuntza eta Teknologia” saria jaso du Fisikako Espainiako Errege Elkartea-BBVA Fundazioaren eskutik
Román Orús, DIPCko Ikerbasque irakaslea eta Multiverse Computing-eko sortzaile eta zuzendari zientifikoa.

Fisikako Espainiako Errege Elkartea-BBVA Fundazioa Sarietako epaimahaiak erabaki du “Fisika, Berrikuntza eta Teknologia” kategorian saria Román Orúsi ematea. Román Orús Donostia International Phsysics Centerreko (DIPC) Ikerbasque irakaslea eta Multiverse Computing-eko sortzaileetako bat eta zuzendari zientifikoa da.

Orúsek teknologia kuantikoaren arloan egindako ibilbide luzea nabarmendu du epaimahaiak. “Bere ekarpenek garapen teknologiko garrantzitsuak sortu dituzte konputazio kuantikoaren eta adimen artifizialaren arloan. Halaber, Multiverse Computing, software kuantikoko Europako enpresa garrantzitsuenetako bat, sortuz lortutako berrikuntza aitortzen da”, adierazi du RSEF-FBBVAk.

“Oso eskertuta nago sari esanguratsu hau jasotzeagatik. Niretzat sari oso berezia da hau, ez bakarrik Fisikako Espainiako Errege Elkartetik datorrelako, baita ere DIPCtik zein Multiversetik berrikuntza eta teknologiaren transferentzian egin dugun lanari ematen zaion errekonozimenduagatik. Benetako ohorea da”, adierazi du Román Orúsek epaimahaiaren erabakia jakin ostean.

Román Orúsen hautagaitza Donostia International Physics Centerrek aurkeztu zuen. Izan ere, Orús 2018tik Ikerbasque irakaslea da bertan. Erakundeak hasiera-hasieratik puntako ikertzaileak erakartzearen aldeko apustua egin du, ideia berriak garatzeko autonomia eta askatasun ingurunea eskainiz.

Gaur egun, DIPC Eusko Jaurlaritzak IKUR estrategiaren “teknologia kuantikoen” arloan buru izateko hautatu duen BERC (Basque Excellence Research Centre) zentroa da, eta funtsezko rola jokatzen du Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek sustatutako BasQ (Basque Quantum) programan, Euskadin teknologia kuantikoaren alorreko ikerketa, talentuaren sorkuntza eta berrikuntza bultzatzeko, eta IBMren munduko seigarren ordenagailu kuantikoa Donostian hedatzeko

Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak Román Orús zoriondu du sari honengatik eta adierazi du “DIPCrentzat poz handia da gure komunitateko kide bat Espainiako Fisikako Errege Elkarteak aitortzea. DIPCk eta Eusko Jaurlaritzak teknologia kuantikoen eta haien aplikazioen alde egin duten apustuaren aitortza ere bada”.

Apustu horren adibide da Multiverse Computing, ordenagailu kuantikoetarako software-enpresa, Román Orúsek 2019an Donostian sortua, DIPCren eta tokiko erakundeen laguntzarekin, hala nola, BIC Gipuzkoarekin. Multiverse aitzindaria izan da mundu osoan aplikazio industrialetarako tentsio-sareak erabiltzen, SandboxAQ (Googleren spin-offa), Amazon AWS eta NVIDIA bezalako erakunde askoz handiagoen aurretik. CompatifAI, Multiversen produktuetako bat, adimen artifizialaren alorrean iraultzailea dela aitortu dute NVIDIA eta Intel bezalako erakundeek. Izan ere, energia-kontsumoa nabarmen murrizteko aukera emango du eta eredu horiek lehen aldiz hodeian konektatu beharrik gabe hedatzeko aukera irekiko da.

2024ko edizioan emandako RSEF-FBBVA Fisikako sari guztiak eskuragarri daude esteka honetan: https://www.fbbva.es/noticias/fallados-premios-fisica-rsef-fundacion-bbva-2024/