SPARK: DIPCk topaketa zientifikoen nazioarteko programa berri bat abiarazi du lankidetzazko ikerketa bultzatzeko

2026 Ira 7

DIPCek SPARK jarriko du abian 2026ko irailean; urtero egingo den ekimen horrek mundu osoko 50 ikertzaile inguru bilduko ditu lau astez, puntako erronka zientifikoei lankidetza eta diziplinarteko ikuspegiaren bidez heltzeko.

SPARK: DIPCk topaketa zientifikoen nazioarteko programa berri bat abiarazi du lankidetzazko ikerketa bultzatzeko
Ezkerretik eskuinera, Geza Giedke (DIPC), Aran Garcia-Lekue (DIPC), Tobias Grass (DIPC) eta Mohammad Hafezi (Univ. Maryland).

DIPCek 2026ko irailean jarriko du abian SPARK - Sessions in Physics: Advancing Research and Knowledge. Ekimen horrek mundu osoko ikertzaileak bilduko ditu urtero abangoardiako erronka zientifikoei heltzeko ingurune lankidetzazko eta diziplinarteko batean.

Edizio bakoitzak tokiko, estatuko eta nazioarteko 50 zientzialari inguru bilduko ditu lau astez DIPCren instalazioetan. Talde txiki, mintegi informal, tutorial eta hitzaldietan oinarritutako formatu trinko baten bidez, parte-hartzaileek elkarrekin lan egingo dute ikerketa-gai espezifiko baten inguruan, eztabaida zientifikorako eta ikuspegi berriak sortzeko ingurune ireki bat sustatuz.

Inaugurazio-edizioaren gaia 'materia kuantiko exotikoa' eta hura neurtzeko eta kontrolatzeko estrategiak izango dira; izan ere, ikerketa-esparru horrek potentzial handia du sistema kuantiko konplexuei eta etorkizuneko aplikazioei buruzko ezagutza zabaltzeko. Tailerrean, hainbat plataforma kuantikorekin lan egiten duten adituak eta gorputz askoren efektu kuantikoak deskribatzeko metodoen garapenean espezializatutako ikertzaile teorikoak bilduko dira. Parte-hartzaileen artean daude Francesca Ferlaino, Austrian 2025. urteko Zientzialari gisa ezaguna eta materia kuantikoaren azterketan nazioarteko erreferentea, atomo magnetikoen eta egoera kuantiko berrien gas ultrahotzen ikerketan aitzindaria eta SPARKen lehen edizio honen antolatzaileetako bat; eta Ignacio Cirac, informazio eta konputazio kuantikoan munduko fisikari teoriko nabarmenetako bat eta Max Planck Optika Kuantikoaren Institutuaren Teoria Ataleko zuzendaria. Bere ibilbideak nazioarteko sari zientifiko nagusienetako batzuk jaso ditu, besteak beste, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzearen Saria (2006) eta Fisikako Wolf Saria (2013). Profil horiek guztiak nahasteak aukera emango du erronka zientifikoei hurbilketa desberdinetatik heltzeko, eta diziplinen arteko lankidetza berriak sortzen lagunduko du.

SPARKen ezaugarri bereizgarrietako bat parte hartzeko formatua izango da. Bertaratuek diseinatu eta kudeatuko dute jardueren eguneroko programa, antolatzaileen laguntzarekin, eta, horri esker, lan-asteetan sortzen diren behar zientifikoetara egokitu ahal izango da topaketaren garapena. Eredu horren helburua giro dinamiko eta biziki interaktiboa sortzea da, zeinetan ezagutzen etengabeko trukeak sormena eta ideia berrien agerpena bultzatuko baititu.

Gainera, parte-hartzaileek DIPCk eskainitako instalazioetan hartuko dute ostatu, bizikidetza eta etengabeko kontaktua bultzatuz saio zientifikoetatik harago. Ikuspegi horren helburua interakzio informalak indartzea da, sarritan funtsezko zeregina betetzen baitute lankidetza eta ikerketa-proiektu berrien sorreran.

SPARKekin, DIPCk fisikako bikaintasuneko ikerketara bideratutako hitzordu berri bat finkatu nahi du. Programak hurrengo edizioetan jarraipena izango duen arren, tailer bakoitza trinkoa denez urtero antolatutako topaketa-kopurua nahitaez izango da txikia, eta, horrela, interakzioen kalitatean eta edizio bakoitzaren inpaktu zientifikoan oinarritutako lan-formatua bermatuko da.