SPRI taldea eta AECC (Bizkaia eta Gipuzkoa) behazun-minbizia aztertzeko mikrotxip berritzaile bat garatzen ari den partzuergoarekin bildu dira

2025 Ots 7

Leartiker, BioBizkaia, BioGipuzkoa, DIPC eta UPV/EHUko ordezkariak SPRI taldearekin eta AECCrekin (Bizkaia eta Gipuzkoa) bildu ziren BIL-CHIP proiektuaren aurrerapenak aztertzeko. Behazun-tumoreen ekosistemaren zelula-konplexutasuna eskala nanometrikoan simulatzen duen mikrotxip berritzaile bat da BIL-CHIP, eta minbiziaren aurkako terapia berrien ebaluazioa bizkortu lezake

SPRI taldea eta AECC (Bizkaia eta Gipuzkoa) behazun-minbizia aztertzeko mikrotxip berritzaile bat garatzen ari den partzuergoarekin bildu dira
Leartiker, BioBizkaia, BioGipuzkoa, DIPC eta UPV/EHUko ordezkariak SPRI taldearekin eta AECCrekin (Bizkaia eta Gipuzkoa) bildu dira, DIPCn.

Kolangiokartzinomaren sentsibilizazio hilabetea dela eta, SPRI (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) taldeak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) Donostia International Physics Center (DIPC) bisitatu zuten, Eusko Jaurlaaritzaren Elkartek programaren baitan garatzen ari den BIL-CHIP proiektuaren partzuergoarekin biltzeko. BIL-CHIP eredu esperimental berritzailea da, tumoreen biologia eskala nanometrikoan simulatzen duen mikrotxip batean minbizia aztertzeko aukera ematen du.

SPRIko eta AECCko ordezkariek ikerketa honen azken aurrerapenak ezagutzeko aukera izan zuten. Ikerketa honek BioGipuzkoako Jesús Bañales Ikerbasque irakaslea, BioBizkaiako Patricia Aspichueta irakaslea eta Leartikerreko Leire Echeverria doktorea ditu buru, eta bertan parte hartzen dute DIPC eta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia eta Medikuntza Sailak (UPV/EHU).

Partzuergoa garatzen ari den txip mikrofluidiko batzuei esker, mikroingurune kontrolatu eta zehatz bat sor daiteke, zelulaz kanpoko matrizearen hainbat osagai (hala nola kolagenoa), tumore-zelulak eta sistema immunologikoaren zelulak dituena, giza organismoan tumoreak garatzen direneko baldintza konplexuak erreplikatzeko. Ikuspegi horrek ahalmena du tumore-hazkundearen, metastasiaren eta tratamenduei ematen zaien erantzunaren azpian dauden mekanismoak bizkorrago ulertzeko, animaliekin esperimentatu beharrik izan gabe.

BIL-CHIP proiektuaren helburua da kolangiokartzinoma simulatzeko txip-eredu bat ikertzea, prototipatzea eta baliozkotzea. Kolangiokartzinoma minbizi oso oldarkor bat da, eta behazun-bideetako zeluletan sortzen da. Proiektuaren ondorioz, kolangiokartzinomaren 3Dko txip-eredu pertsonalizatua lortzea espero da, paziente bakoitzaren ezaugarrien araberakoa. Eredu horrek ahalmen handia du minbiziaren aurkako terapia berriak ebaluatzeko.

Ikerketan parte hartzen ari den DIPCko taldeak, Iván Rivilla Ikerbasque ikertzailea buru duela, esperientzia handia du entitate kimiko berriak diseinatzen eta sintetizatzen eta haien propietate fotofisikoetan. Hori funtsezkoa izango da BIL-CHIP gailuan aplikatutako konposatu berrien efektu antitumorala aztertzeko.

Espero da BIL-CHIP garatzeari esker aurrerapen handiak egitea nanoteknologietan; izan ere, mikrofabrikaziorako material eta teknologia berriak ikertu eta garatzea sustatzen du, eta haiek soluzio berritzaileak ekar ditzakete zenbait arlotan, hala nola medikuntzan, bioteknologian eta industrian.