Surfa eta Zientzia izango dira protagonista Donostia, Zientzia Hiria zikloan
Donostia International Physics Center (DIPC) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren babesarekin Donostia Kulturak bultzatutako "Donostia, Zientzia Hiria" programa berria hasi da.
Donostia International Physics Center (DIPC) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzarekin Donostia Kulturak abian jarri duen Donostia, Zientzia Hiria programaren bitartez, hiriko gai eta leku esanguratsuak zientziaren lupapean aztertuko dira.
Surfa eta zientzia izango ditu hizpide nagusi abiatzera doan lehen edizioak.
Donostia Zientzia Hiria-ren aurkezpen ofiziala urtarrilaren 14an egin da Okendo Kultur Etxean, ostirala, goizeko 11:00etan eta honako hauek hartu dute parte:
- Jon Insausti Maisterrena, Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkaria
- Ricardo Díez Muiño, Donostia International Physics Centerreko zuzendaria
- Juan Ignacio Pérez, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria
- Maia Garcia Vergniory, Donostia International Physics Centerreko ikertzailea
- Amaia Almirall, Okendo Kultur Etxeko zuzendaria
Lehen edizioa Okendo Kultur Etxean garatuko da nagusiki eta Surfa eta Zientzia izango du izenburu. Surfa du hizpide, hirian eta inguruan duen sustraitze handiagatik eta bere jardueran hainbat zientzia-diziplinen argitan azter daitezkeen prozesu interesgarri eta ezberdinek parte hartzen dutelako.
Urtarrila eta apirila bitartean egingo da Surfa eta Zientzia eta hilero topaketa bat antolatu da zientzia eta surfeko adituek gaia hainbat ikuspegitatik jorratzeko, hala nola fisika, meteorologia, osasuna, kirola edo ingeniaritzaren ikuspegitik. Hitzaldi horiek nagusiki euskaraz izango dira eta ez da beharrezkoa ezagutza zientifikorik bertaratzeko, jakin-mina besterik ez.
Gainera, olatuen atzean dagoen zientzia eta surf taulak mugitzen dituen teknologia ikusiaraziko da kalean instalatuko diren bost totem-ekin. NorArte Studiok Euskampusekin kolaborazioan egindako infografia erakargarriez osatutako totemak hiriko hainbat puntutan egongo dira ikusgai.
Apirilean amaituko da programa eta gazteentzako zientziaz zipriztindutako surf jarduera praktiko batekin borobilduko da. Zurriolako hondartzan izango da baina unean uneko baldintza sanitario eta meteorologikoen araberakoa izango da.
Azkenik, hitzaldiak streamingen ikusi ahal izango dira EITBren Kosmos kanalean, dibulgazio ezagutza eta komunikazio ekimenak zuzenean ematen dituen webgunea.
Donostia, Zientzia Hiria, bai tokiko biztanleei, bai bisitatzen dutenei, eguneroko kontuen atzean dagoen zientziaz gozatzera eta Donostian egiten den lehen mailako ikerketa ezagutzera dei egingo dien urteroko erreferente batean bihurtzea espero da.
Donostia Kulturaren ekimen berriak bat egiten du Ernest Lluch Kultur Etxearen eta DIPCren arteko lankidetzarekin; izan ere, Zientziaren bide berriak izeneko programak hainbat arlotan egindako azken aurrerapen zientifikoak jorratzen ditu, eta Elhuyarrekin batera hasi berria den Emakume zientzialarien argitan egitasmoak emakume zientzialarien lana ezagutaraztera eman nahi du. Zientziaren eta bere protagonisten lanaren dibulgazioaren alde hiriak egiten duen apustua indartzera datorren ekimena da Donostia, Zientzia Hiria.
“Surfa eta zientzia” hitzaldi-programa Okendo Kultur Etxean 2022an:
2022/01/26
Olatu baten istorioa
Maia García Vergniory (DIPC, Ikerbasque) eta Kepa Acero (surflaria)
2022/02/23
Fisiologia eta Osasuna
Julen Ucin Gurrutxaga (medikua, UPV/EHU & Euskaltel-Euskadi ProCycling Team) eta Aitor Santiesteban Leguina (Jarduera Fisikoetan doktorea, Deusto, Basque Team)
2022/03/23
Olatu perfektuaren atzetik eta taulen fabrikazioa
Onintze Salazar (Euskalmet) eta Adur Letamendia (Pukas Surf)
Kontsultatu infografiak: