DIPCk Tabakalerako "Máquinas de Ingenio" erakusketan parte hartu du "Compost Computacional" prototipoarekin

2023 Aza 23

Máquinas de ingenio. Jakintzen bidegurutzean mostrak Tabakalerak 2023an Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea (AZTG) ardatzaren inguruan bultzatu dituen lan-prozesuen emaitza diren prototipoak erakusten ditu. Proiektuak Marina Otero Verzier, Laura MM, Amaia Vicente eta Elsa Yranzo artistek gidatu dituzte, eta Donostia International Physics Center, Tekniker, BCC Innovation eta Basque Center on Cognition, Brain and Language erakunde zientifiko eta teknologikoekin lankidetza estuan garatu dira. Tabakalerari lotutako herritarren komunitateen laguntza ere izan dute.

DIPCk Tabakalerako "Máquinas de Ingenio" erakusketan parte hartu du "Compost Computacional" prototipoarekin

Erakusketa

2023 AZA 24 - 2024 FEB 04 | Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00 | Erakusketa Aretoa

DIPCko Txomin Romero, Silvia Bonoli, Raúl Angulo eta Jens Stücker, Fernando Álvarez González (EHU) eta Marina Otero Verzier arkitekto eta ikertzailearen arteko elkarlanaren emaitza ikusgai dago Tabakalerako "Maquinas de ingenio. Jakintzen bidegurutzean" erakusketan. 

Máquinas de ingenio. Jakintzen bidegurutzean erakusketa Maria Ptqk-k komisariatu du. Lau prototipo aurkezten dira instalazio artistiko gisa, artea, zientzia eta teknologiaren arteko elkargunean lan egiteko modu berriak erakusten dituztenak eta egungo erronkekin lotutako zenbait gairi modu bateratuan heltzen dietenak. Erakusketak Artearen, Zientziaren, Teknologiaren eta Gizartearen (ACTS) alorraren aniztasuna biltzen du; hala nola, robotikari, neurozientziari, nutrizioari, datuen bistaratzeari, jasangarritasunari edo ingeniaritzari buruzko ikerketak, artearen lengoaiekin edo diseinu espekulatiboarekin elkartuta. Prozesu horien emaitza ez da espezialitateen batura hutsa, baizik eta konektatutako praktiken fluxu bat eta kultura teknozientifiko garaikideari, haren potentziei eta erronkei buruzko topaketa- eta hausnarketa-ingurune bat.

Lau prototipo artistiko

Erakusketaren izenburuak “asmamen-makinetara” garamatza; hala esaten zitzaien Errenazimentutik aurrera zientzien aurrerapenak bultzatutako asmakuntzei. Gailu horiek, bere garaiko abangoardia teknikoa irudikatzen dute, eta izaera esperimental handia dute: prototipoak dira, proba-fasean dauden saiakuntzak, bere gizarte-testuinguruaren beharrei erantzun zehatzak ematen dizkietenak. Gainera, modu kolaboratiboan konbinatutako talentuen emaitza dira, "tailer moduan" sortutakoak, artisten, artisauen, zientzialarien, diseinatzaileen, filosofoen, poeten, ingeniarien edo matematikarien arteko lankidetzan. Ideia horretatik abiatuta, erakusketa honetan ikusgai dauden prototipoak lau artistaren (Marina Otero Verzier, Laura MM, Amaia Vicente eta Elsa Yranzo), eta lau ikerketa zientifikoren arteko topaketatik sortu dira; eta 2023an garatu dira zentro zientifiko eta teknologiko laguntzaileetako ikerketa-taldeekekin batera. Erakusketa-aretoko sarreran kokatutako plataforma handi batek lau prototipoen sortze-prozesuak azaltzen dituzten lau ikus-entzunezko ikusteko aukera eskaintzen du eta mostrari sarrera ematen dio. Ikus-entzunezko piezak Morgan Creak sortutakoak dira.

  • Exografiak AZTG lan-ildoaren barruan Tekniker eta Tabakaleraren artean garatutako hirugarren lankidetza da. Amaia Vicente artistak eta Johan Kildal eta Ane San Martin Teknikerreko ikertzaileek garatutako egitasmoa da Gogoa Mobility Robotsekin batera.
  • C. El punto justo del conflicto cognitivo, Laura MM artistaren, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko Manuela Rizzoli eta Marta La Pietra ikertzaileen eta Medialab Tabakalerako Neurohacking taldearen arteko lankidetza da.
  • Sugar Detox Clinic, BCC Innovation, Basque Culinary Centerreko gastronomia-zentro teknologikoaren eta Tabakaleraren arteko lehen lankidetza da; Elsa Yranzo artistaren, Elena Romeo gastronomia-zientzietako doktorearen eta Nahuel Pazos sukaldari ikertzailearen artean garatutako proiektua da.
  • Compost computacional, Donostia International Physics Centerren (DIPC) eta Tabakaleraren arteko hirugarren lankidetzaren emaitza da. Marina Otero Verzier arkitekto eta ikertzailearen lana da, Txomin Romero, Silvia Bonoli, Raúl Angulo, Jens Stücker eta Fernando Álvarez Gonzálezen (EHU) elkarlan zientifikoarekin.

Compost computacional prototipo artistikoa

Obrak datuak biltegiratzeak ingurumenean daukan eragina aztertzen du eta informazio digitalaren itxurazko lurrunkortasuna uzten du agerian. Errealitatean energia, ura eta lehengaiak kontsumitzen dituzten azpiegitura fisiko masiboak eskatzen baititu biltegiratze horrek. Obrak funtsezko galdera egiten du azpiegitura horien iraunkortasunari buruz, etorkizunean adimen artifiziala bezalako teknologien hedapenaren aurrean. Instalazioak vermikonpostaje-sistema bat du (materia organikoa zizareak erabiliz deskonposatzeko prozesua), DIPCren simulazio astronomikoen beroarekin elikatua, eta kipu inka bat aurkezten du, kolonaurreko kalkulu-makina bat, film batean. Compost computacional-ek diseinu-erabakien dimentsio politikoa, ekologikoa eta kulturala azpimarratzen ditu, eta etorkizun digitaleko narratiben berrebaluazio kritikoa eskatzen du.

Tabakaleraren ibilbidea AZTG lan-ildoan (2020-2022)

Tabakalerako iparraldeko aretoan, erakusketak artearen, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko konbergentziaren ikuspegi integrala eskaintzen du. 2020tik gaur egunera arteko lankidetzak daude ikusgai bertan. Nabarmentzekoa da Grow Your Own Cloud-ek (Monika Seyfried eta Cyrus Clarke) Steen Rasmussen fisikariarekin eta Donostia International Physics Center-ekin (DIPC) batera sortutako Clouds of Pollen lana. DNA molekula sintetikoen datuen kontserbazioa aztertzen du, Compost Computacional-en antzeko erronkak jorratuz. Areto berean dauden beste prototipoak Varvara & Mar-en Dream Painter, narrazio onirikoak irudikapen piktoriko bihurtzen dituen beso robotikoa, eta Holobot. Social Garden, VR Kommand kolektiboak sortutakoa, dira. Azken hau, sare sozialetako portaeretan oinarritutako instalazio holografikoak sortzen dituen gailua da.

Prototipo horiek ikus-entzunezko dokumentazioaren bidez aurkezten dira, eta Supraspectives Quadraturek, DIPCrekin eta Ars Electronica jaialdiarekin lankidetzan sortutakoa, instalazio- eta dokumentu-formatuan dago erakusgai. 590 sateliteren datuak erabiltzen ditu Lurraren irudiak espekulatiboki kalkulatu eta berreraikitzeko, zabor espaziala eta sateliteen behaketa arakatuz. Tabakalerak artea eta teknologia modu berritzailean uztartzen dituzten proiektuekin duen konpromisoa nabarmentzen du erakusketak, sormenaren eta aurrerapen zientifikoen arteko gurutzaketaren ikuspegi liluragarria eskainiz.