Zientziarekin aurrez aurre: euskal ikasleak Nobel saridunekin hizketan Donostian
240 ikasle eta irakasle inguru solasean aritu dira zenbait zientzialari ospetsurekin, bi Nobel saridun barne. Zientziari eta ikerketari buruzko interesa sustatzea da DIPCk antolatutako topaketa honen helburu nagusia. Telefónica-k galderarik interesgarri, original edo disruptiboena saritzen du.

Gaur, osteguna, top@DIPC Zientziarekin solasean! topaketa egin da, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. Topaketan, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle eta irakasle batzuk DNA-nanoteknologiaren eta biologia zelularraren arteko interfasean aitzindari den Yamuna Krishnanekin (The University of Chicago), Jean-Marie Lehn (Université de Strasbourg), Kimikako Nobel saridunarekin eta kimika supramolekularraren aitarekin eta Jack W. Szostak (The University of Chicago), Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saridunarekin bildu dira. Ikerketa zientifikoan izandako ibilbide pertsonala eta esperientziak labur-labur kontatu ondoren, ekitaldian izan diren ikasleen galderei erantzun diete gonbidatuek, eta, hala, zientziarekiko grina transmititu diete.
Donostia International Physics Centerrek antolatutako topaketaren hamabosgarren edizio honetan, Euskal Herriko 36 ikastetxetako 240 ikasle eta irakasle inguruk parte hartu dute. Hezkuntza-komunitateak beti egin dio harrera bikaina ekitaldiari. Jardunaldia hasteko, sarrera labur bat egin dute Garbiñe Etxezarretak, Kutxa Fundazioa Proiektuaren zuzendariak eta Amaia Esquisabelek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikako zuzendariak. Ondoren, ikasleek hartu dute hitza, eta, ordu eta erdiz, galderak egin ahal izan dizkiete gonbidatutako zientzialariei.
Yamuna Krishnanek nabarmendu du zientzian jarduteak ematen dion poz handienetako bat espero ez duen zerbait ikustea dela: “O! Zeinen bitxia! Aurkikuntzarako errezeta bikaina da”. Bestalde, Jean-Marie Lehnek parte hartzeko eskatu die ikasleei: “zientziak forma ematen dio gizateriaren etorkizunari. Aurkikuntza oro zuen moduko jendearen jakin-minarekin hasten da”. Azkenik, Jack W. Szostaken arabera: “zientziak egia bilatu nahi du askotan ziurgabetasunez, nahasketaz eta teoria kontraesankorrez beteta dauden arloetan; horrek esan nahi du beti prest egon behar dugula froga berrien aurrean gure ideia kutunenak alde batera uzteko”.
Aurten ere Pedro Miguel Etxenike Asturiasko Printzea sariduna, EHUko katedradun emeritua eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea arduratu da topaketa moderatzeaz eta zuzentzeaz. Ekitaldia bukatzeko eman duen hitzaldian, Etxenikek hala esan die han zeuden ikasle guztiei: “beharbada hasieran iruditu zaizue urrun zeudela, baina orain ikusi duzue zuen modukoak direla eta, ilusioz lan eginez, haien modukoak izan zaitezketela”.
Berriz ere, Telefónicak, DIPCren patronatuko erakundeak, galderarik interesgarri, original edo disruptiboena saritu du. La Salle Irun ikastetxeko Aiora Larrasa Domínguezi eman zaio saria, galdera honengatik: “Historiako edozein zientzialarirekin, bizia ala hila, kolaboratu ahal izango bazenu, nor aukeratuko zenuke eta zergatik”/ Si pudieras colaborar con cualquier científico o científica de la historia, vivo o muerto, a quién elegirías y por qué. Telefónicaren arabera, galdera hori saritzeko arrazoia zera izan da: “zientziaren historiako banakoei buruz hausnarrarazten digu, eta zientzia prozesu jarraitu eta kolektibo gisa aurkezten du, non aurkikuntza eta ideia berriak aurreko ekarpenetan oinarritzen baitira”.
top@DIPC Zientziarekin solasean! topaketaren helburu nagusia da euskal gazteen artean ikasketa zientifiko eta teknologikoekiko bokazioa sustatzea, baita ezagutzarekiko irrika piztea ere. DIPC antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Kutxa Fundazioaren eta Telefónicaren babesa du.
top@DIPC Zientziarekin solasean! topaketaren edizio honi eta aurrekoei buruzko informazio guztia DIPCren webgunean dago eskuragarri.