Topological Matter School 2025, etorkizuneko materialen sekretu kuantikoak esploratzen
Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta, Pablo Jarillo-Herrero, Xiaodong Xu eta beste aditu batzuen eskutik egoera solidoaren fisika birdefinitzen ari diren aurrerapenen berri izango dute ikertzaile gazteek

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta Topological Matter School 2025 egingo da 2025eko abuztuaren 18tik 22ra. Nazioarteko udako eskola bat da, eta egoera solidoaren fisikako ikertzaile gazteak eta espezialistak bilduko ditu, materiaren fenomenorik liluragarrienetako batzuk eskala txikienean ikusteko: kuantika.
Bost egunez, adituek teoriako eta esperimentazioko hitzaldiak emango dituzte egunero. Parte-hartzaileek aukera izango dute gai horietan oinarri sendoa lortzeko, ideiak eztabaidatzeko eta etorkizuneko teknologia kuantikoei forma ematen ari zaien abangoardiako ikerketak gertutik ezagutzeko.
Programaren une erakargarrienetako bat 2Dko materialen fisikaren garapenean funtsezkoak diren bi pertsonaren parte-hartzea izango da: Pablo Jarillo-Herrero (MIT), twistronics deritzon fenomenoaren aitzindaria (propietate elektronikoen manipulazioa, geruza atomikoen arteko biraketa erlatiboaren bidez), eta Xiaodong Xu (Washingtongo Unibertsitatea), optoelektronika kuantikoan eta bi dimentsioko materialen fenomeno eszitonikoetan egindako ikerketengatik ezaguna.
Topological Matter School 2025 aukera paregabea izango da materialen fisikaren aro berri baten garapenean aitzindari direnengandik ikasteko zientziaren elkartrukeari eta nazioarteko lankidetzari irekitako ingurune batean.