Ur-uhinen egitura berritzaileek partikulak manipulatzeko tresna berriak eskaintzen dituzte

2025 Ots 5

Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko, Fudango Unibertsitateko (Txina), Nanyangeko Unibertsitate Teknologikoko (Singapur) eta RIKENeko (Japonia) nazioarteko talde batek uraren esparrura eraman du uhinen manipulazioa. Lana Nature aldizkarian argitaratu dute, eta aukera-sorta zirraragarria irekitzen du hidrodinamikan eta mikrofluidikan

Ur-uhinen egitura berritzaileek partikulak manipulatzeko tresna berriak eskaintzen dituzte
Ur-uhin egituratuak, uhin lau batzuen interferentziak sortutakoak, partikula flotatzaile bat manipulatzen dute. Kredituak: Yijie Shen

Nazioarteko zientzialari-talde batek —zeinak Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko ikertzaileak ere barne hartzen baititu— argitu du nola kontrola daitezkeen ur-gainazal bateko uhin-forma konplexuak, hala nola uhin-zurrunbiloak eta polarizazio-testura topologikoak (skyrmionak), eta horrek aukera berri zirraragarriak irekitzen ditu hidrodinamikan eta mikrofluidikan. Egitura horiek argi- eta soinu-uhinetan aztertu izan dira lehenago, eta askotariko aplikazioak dituzte, adibidez, informazio kuantikoaren eta astrofisikaren alorrean. Orain, ur-ingurunean ere aurkitu dira.

Uhin-forma topologikoek bi ezaugarri nabarmen dituzte: sendotasuna —eta horregatik dira perturbazio txikiekiko erresistenteak— eta propietate dinamiko bikainak. Naturen argitaratutako ikerketa berritzaile horretan, Fudan Unibertsitateko (Txina), Nanyang-eko Unibertsitate Teknologikoko (Singapur), RIKEN-eko (Japonia) eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) nazioarteko zientzialariek eskala zentimetrikoko ur-azaleko grabitate-uhinetan sortu zituzten egitura horiek.

Fenomeno horien edertasunaz harago, taldeak haien erabilera praktiko ahaltsua frogatu zuen: tamaina desberdinetako partikula flotagarriak manipulatzeko gaitasuna dute (hau da, harrapatzeko, propultsatzeko eta birarazteko), hasi partikula milimetrikoetatik eta mahai-teniseko pilota bateraino. “Horrek harrapatze- eta manipulazio-teknika optiko eta akustikoen baliokidea eskaintzen du ur-uhinen esparruan, zeinak oso garrantzitsuak baitira partikula txikiak kontrolatzeko, atomoetatik hasi eta mikroorganismo biologikoetaraino”, esan zuen Konstantin Bliokh-ek, DIPCko Ikerbasque ikerketa-irakasleak.

Ikerketa honek esparru berri bat ireki dezake manipulazio hidrodinamikoan, eta, alor horretan, uhin-forma topologikoek partikulak manipulatzeko metodoak iraul ditzakete. Aplikazio bioteknologikoetatik hasi eta industria-prozesuetaraino, teknika horiek integratzeak aurrerapen esanguratsuak ekar ditzake.

Argitalpenaren erreferentzia

Bo Wang, Zhiyuan Che, Cheng Cheng, Caili Tong, Lei Shi, Yijie Shen, Konstantin Y. Bliokh eta Jian Zi
Topological water-wave structures manipulating particles
Nature (2024)
DOI: 10.1038/s41586-024-08384-y