Tabakalerak "Visiones Cuánticas" (Ikuspegi kuantikoak) erakusketa inauguratu du DIPCren partaidetzarekin

2025 Ots 20

2025ean ospatuko den Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtea dela eta, Tabakalerak "Visiones Cuánticas" erakusketa inauguratu du, Arts at CERN-eko zuzendari Monica Bellok komisariatutako arte garaikide erakusketa, DIPCren parte hartzearekin.

Tabakalerak "Visiones Cuánticas" (Ikuspegi kuantikoak) erakusketa inauguratu du DIPCren partaidetzarekin
  • Visiones cuánticas (Ikuspegi kuantikoak) erakusketak arakatzen du nola fisika kuantikoaren oinarriek, hala nola zehaztugabetasunak, probabilitateak eta ziurgabetasunak, arte garaikidean adierazpen- eta gogoeta-modu berritzaileak inspiratzen dituzten.
  • Visiones cúanticas erakusketa honako hauen arteko nazioarteko lankidetzaren emaitza da: CERN ikerketa-zentroa —bere Arts at CERN arte-programaren bidez—, DIPC eta Tabakalera; eta Basileara eta Eindhovenera joango da erakusketa datorren ekainean Donostian itxi ondoren.
  • Monica Bellok komisariatuta, nazioartean bidea egiten ari diren hamaika artistaren lanak biltzen ditu. Horien artean daude: Jaione Camborda, 2023ko Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorraren irabazlea, eta Abelardo Gil-Fournier.
  • Erakusketaren zati bat eta haren jarduera- eta bitartekaritza-programa EAEko erreferentziazko beste gune batzuetara eramango dira, hala nola, Guggenheim Museora eta Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbaora, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzari esker.

Bere hamargarren urteurrenaren eta Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtearen esparruan, Tabakalerak Visiones cuánticas (Ikuspegi Kuantikoak) inauguratu du, unibertso kuantikoak dituen aukera ugariak jardunbide artistiko garaikideen bidez arakatzen dituen erakusketa. Mónica Bello Arts at CERN erakundearen zuzendariak komisariatuta, erakusketak nazioarteko artista hauen obrak biltzen ditu: Alice Bucknell (2023ko Urrezko Maskorraren irabazlea) Jaione Camborda, Libby Heaney, Joan Heemskerk, Abelardo Gil-Fournier, Nicole L’Huillier, Yunchul Kim, Adriana Knouf, Yuri Pattison, Marina Rosenfeld eta Semiconductor (Ruth Jarman & Joe Gerhardt).

Visiones cuánticas ondoko eragileen arteko lankidetzaren emaitza da: Tabakalera; CERN (Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundea), bere Arts at CERN arte programaren bidez; Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroa; Tekniker teknologia- eta ikerketa-zentroa; eta Basileako HEK (Haus der Elektronischen Künste) eta Eindhoveneko MU Hybrid Art House zentro artistikoak (horiek ere hartuko dute erakusketa beren egoitzetan). Era berean, erakusketak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren babesa du.

Kuantika dibulgatzeko eta hurbiltzeko espazioa.

XX. mendean zehar, fisika kuantikoak unibertsoa ulertzeko modua irauli zuen. Ziurgabetasuna, probabilitatea eta zehaztugabetasuna bezalako kontzeptuek, zientzia ez ezik, gure mundu-ikuskera ere eraldatu zuten. Visiones cuánticas iraultza horretatik abiatzen da, kuantikak pentsamendu-modu berriak nola inspiratzen dituen, ziurtasunak zalantzan jartzen dituen eta ezagutzaren mugak berriz definitzen dituen aztertzeko.

Erakusketa-aretoaren erdigunean, erakusketaren atariko gisa, fisika kuantikoari buruzko dibulgazio-gune berritzaile bat diseinatu da, Morgancrea sormen-estudioak eta DIPCk lankidetzan pentsatua. Sei pantailako instalazio baten bidez, publikoak eduki hezitzaile eta gogoeta sustatzen dutenak jasotzeko aukera izango du, kuantikaren funtsezko kontzeptuak ulertzen laguntzen duten edukiak, hain zuzen. Proposamen honen helburua da fisika kuantikoaren printzipio konplexuak publiko orokorrari hurbiltzea, Tabakalerak ezagutzaren hedapenarekin eta askotariko publikoekiko interakzioarekin duen konpromisoa indartuta. Erakusketaren beraren barruko “erakusketa txiki” hau, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak babestua, Gasteizera eta Bilbora eramango dute, zehazki Azkuna Zentrora (Bilboko Alondegia) datorren urriaren erdialdean.

Tabakaleraren inpaktua sorkuntza artistiko eta zientifikoan.

Tabakalerak 2020an hasi zuen bere ibilbidea Artearen, Zientziaren, Teknologiaren eta Gizartearen esparruan, Medialab herritarren sorkuntzarako gune irekia zabaltzearekin batera, artisten eta ikertzaileen arteko topaketatik abiatuta ezagutza sortzeko helburuarekin.

Lanaren ikuspegi hori premisa honetan oinarritzen da: elkarlanean garatutako ikerketak eta sorkuntzak, ekoizpen artistikoa aberasteaz gain, sormenean eta berrikuntzan eragin nabarmena sortzen dute zientziaren eta teknologiaren barruan. Diziplinen arteko interakzioak, beraz, bidea ematen du ikuspegi berriak irekitzeko eta teknikoa baino ez dena gainditzen duten agertokiak planteatzeko, eta horren emaitza diren sorkuntzek garrantzia soziala daukaten zientzia eta teknologia gaietara hurbiltzeko modu desberdin bat eskaintzen diete herritarrei. Gainera, ezagutza berria sortzea errazten du eta errealitatearen beste interpretazio batzuk ematen ditu.

Harrezkero, sorkuntza artistikoa eta zientifikoa uztartzen dituzten hainbat proiektu eta prototipo garatu ditu zentroak: Supraspectives ikus-entzunezko instalazioa, Quadrature kolektiboarena (2020); Dream Painter instalazio robotiko interaktiboa, Varvara & Mar artista-bikotearena (2022); Holobot. Social garden instalazio robotikoa, VR- Kommand kolektiboarena (2022); Clouds of Pollen instalazioa, Grown Your Own Cloud kolektiboarena (2022); Máquinas de ingenio erakusketako prototipoak (2023).

Visiones cuánticas erakusketak ibilbide horrekin bat egiten du, eta Tabakalera nazioarteko erreferente gisa sendotzen du gaur egungo erronkei aurre egiteko diziplinen integrazioan.

Bitartekaritza- eta dibulgazio-programa, artearen eta kuantikaren esparruetako aditu nabarien partaidetzarekin.

Erakusketarekin batera, Tabakalerak bitartekaritza-programa publiko zabala diseinatu du, eta horretan biltzen dira bisita solasaldiak, artistekin, zientzialariekin eta kuantikaren eremuko adituekin hitzaldiak eta mahai-inguruak, zinema-proiekzioak, erakusketan parte hartzen duten artistek eurek zuzendutako lantegiak eta publiko guztiei zuzendutako hezkuntza-jarduerak.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lankidetza estrategikoari esker, dibulgaziorako hainbat eduki eta formatu

diseinatu dira (hitzaldiak, haurrentzako lantegiak, etab.), eta dibulgazio zientifikoko ekitaldi eta programetan sartuko dira (hala nola NAUKAS, BILBO ZIENTZIA PLAZA edo BIDEBARRIETA ZIENTIFIKOA), baita Guggenheim Bilbao Museoa bezalako instituzio artistiko garrantzitsuetan ere.

Programa honetan izango diren parte-hartzaileen artean izen ezagunak daude, hala nola Jon Uriarte komisarioa eta ikertzailea, Maushaus hezkuntza-kolektiboa, Rocío Vidal dibulgatzaile zientifikoa (La Gata de Schrödinger), José Luis Crespo dibulgatzaile zientifikoa (Quantum Fracture), Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendaria eta Mijo Lizarzaburu filosofoa. Horiek, beste artista, zientzialari eta aditu batzuekin batera, programazioa aberastuko dute fisika kuantikoari eta horrek arte garaikidean duen eraginari buruzko ezagutza eta ikuspegiekin.