Zientziarekiko jakin-minak Nobel saridunak, zientziaren figurak eta ikasleak batu ditu Donostian

2024 Aza 29

Maila goreneko ikertzaileekin solas egin dute 242 ikaslek eta irakaslek. Zientzia eta ikerketarako jakin-mina sustatzea da DIPCk antolatzen dituen Topaketa hauen helburua nagusia. Sari bat eman dio Telefónicak galderarik interesgarriena, originalena edo bitxiena egin duen ikasleari.

Zientziarekiko jakin-minak Nobel saridunak, zientziaren figurak eta ikasleak batu ditu Donostian
Aurtengo Top@DIPC - Zientziarekin solasean! ekitaldiko familia-argazkia

Azaroaren 28an, osteguna, top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketak egin dira Eureka! Zientzia Museoan, Donostian. Jean-Pierre Sauvage Kimikako Nobel saridunarekin, Mairi Sakellariadou Europako Fisika Elkarteko lehendakariarekin eta Pilar Hernández CERNeko Zientzia Politika Batzordeko lehendakariordearekin elkartu dira Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak. Zientziarekiko grinaz, beren ibilbide pertsonalez eta lan zientifikoan izandako esperientziez jardun ondoren, ekitaldian zeuden ikasleek egindako galderei erantzun diete gonbidatuek.

Donostia International Physics Centerrek (DIPCk) antolatzen dituen topaketen hamalaugarren edizio honetan, EAEko 41 ikastetxetako 242 ikaslek eta irakaslek hartu dute parte. Hezkuntza-komunitatean harrera bikaina izan ohi duen jarduera da. Hasteko, sarrera labur bat egin dute Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak, Javier Benito Telefónica Euskadiko zuzendariak eta Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak. Ondoren, ikasleek hitza hartu dute eta, ordu eta erdiz, gonbidatutako zientzialariei galderak egiteko aukera izan dute.

patronos.JPG
Ezkerretik eskuinera, Ander Aizpurua, Pilar Hernández, Mairi Sakellariadou, Pedro Miguel Etxenike, Jean-Pierre Sauvage, Adolfo Morais eta Javier Benito.

Hala, Jean-Pierre Sauvagek azpimarratu du gazteak direla etorkizuna, eta gomendatu die “berrikuntza beste edozein kontsiderazioren gainetik jar dezatela, abiarazi nahi dituzten proiektuak aukeratzeko orduan”. Bestalde, Mairi Sakellariadouk gazteei zuzenduz hau azpimarratu du: “hezkuntza zientifiko goiztiarrak “begiak irekitzen” dizkio adimenari, jakin-mina pizten du eta iluntasunaren aurka borrokatzen laguntzen du”. Azkenik, Pilar Hernándezek esan duenez, “egia interpretagarria dela dirudien mundu batean, zientziak erakusten digu badirela inguratzen gaituen munduari buruzko ziurtasunak, hori ulertzeko aukera ematen digutenak, eta, kasu askotan, ezagutza hori pertsonen bizitza hobetzeko erabiltzeko aukera ematen digutenak”. “Zientziak aurrera egiten du zuek bezalako gazte batzuek mundua ulertzeko jakin-mina dutelako eta funtsezko galderak egiten dituztelako”, erantsi du Hernándezek.

Asturiasko Printzea saridun Pedro Migel Etxenike, UPV/EHUko katedradun emerituak eta DIPC lehendakaria, aritu da moderatzaile-lanetan, eta hau adierazi die ikasle eta irakasleei amaiera-ekitaldian: “Zientzia gizartearen hazi eraldatzaile bat da. Zientzia beharrezkoa da ongizate sozial eta ekonomiko handiagoko gizarte baterantz aurrera egiteko, pentsamendu kritiko handiagoarekin eta manipulatzeko gaitasun txikiagoarekin gizarte gizatiarrago baterantz”. “Zientziari eta aurrerapenari laguntzeko borondatearekin eta ahaleginarekin lan egitera animatzen zaituztet”, esan die Etxenikek ekitaldian bildutako ikasleei.

Telefónicak, zeina DIPCren patronoa baita, topaketetan parte hartu du berriro ere, eta sari bat eman dio galderarik interesgarriena, originalena edo bitxiena egin duen ikasleari. Libe Bercedo Barriola, Aldapeta ikastetxeko ikaslea izan da saritua, galdera hau dela eta: soken teoriaren eta sortzen ari den grabitazio kuantikoaren arteko lotura gero eta handiagoa dela eta, zein neurritan mugatu dezakete gure tresna zientifikoek eta gizakiaren interpretazio-gaitasunek fenomeno horiek ulertzeko dugun gaitasuna?. Telefonicaren esanean, galdera hori saritu da “zientziarentzat garrantzi handia duen gai esanguratsu bati ekiteagatik: ikerketa zientifikoan behaketarekin batera agertzen diren mugak, instrumentalak zein intelektualak”.

foto premio.JPG
Telefonika saria galdera interesgarrienari.

Gazteen artean ikasketa zientifikoekiko eta teknologikoekiko bokazioa sustatzea du xede nagusi top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketak; baita ikasle gazteei ezagutzarekiko grina piztea ere.  Ekitaldia DIPCk antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Kutxa Fundazioaren eta Telefónicaren babesarekin.