Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak ikusle errekorra hautsi du

2024 Apir 9

Euskadiko Filmategiak Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatutako ekimenak 5.641 pertsona bildu ditu urtarriletik martxora bitartean Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen; 2023an baino % 9,60 gehiago

Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak ikusle errekorra hautsi du
Itziar Bergara, IIS Biogipuzkoako zuzendari zientifikoa, Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) pelikularen aurkezpenenan.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak bere ikusle-marka hautsi du aurten, 5.641 pertsona bildu baititu, 2023an baino % 9,60 gehiago. Guztira 47 saio antolatu ziren Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen, batez beste 120 ikuslerekin. Egoitza guztiek (Tabakalerak izan ezik; iaz ia % 100eko okupazioa izan zuen) nabarmen igo dute batez besteko ikusle kopurua: Arte Ederren Bilboko Museoak 182tik 216ra egin du gora; Gasteizko Artium Museoak 37tik 63ra; Iruñeko Golem zinemek 68tik 78ra eta Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinemek 24tik 41era.

Kultura zientifikoa eta zinematografikoa zabaltzeko helburua duen zikloaren film ikusienak honakoak izan dira: Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023), 1.079 ikuslerekin; Bombshell. La historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) 699rekin, Memorias de África (Sydney Pollack, 1985) eta Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) 637 eta 636rekin, hurrenez hurren.

Era berean, adimen artifizialari buruzko Mars Express (Jérémie Périn, 2023) filma pantaila handian ikusteko aukera izan dute ia 600 ikaslek. Emanaldi guztiak nazioartean ospe handia duten 26 zientzialariek aurkeztu dituzte, eta Pedro Miguel Etxenike fisikariak (DIPCko presidentea eta Asturiasko Printzea Saria, besteak beste) egin zuen Oppenheimer filmaren inaugurazio-aurkezpena Donostian, Bilbon eta Iruñean.
Zinema eta Zientzia zikloak Emakumeak Zientzian ekimenaren baitan parte hartu du eta Biogipuzkoaren laguntza ere izan du.