Neuroteknologiak: Giza garuna ulertzeko eta konpontzeko bidean
Lankidetzak
- Parte-hartzailea
-
Aitzol García-Etxarri
DIPC - Noiz
-
2024/01/23
19:00 - Lekua
- San Telmo Museoa, Donostia / San Sebastián
- Gehitu egutegira
- iCal
Hitzaldi honetan neuroteknologiaren oinarriez eta neuroeskubideez arituko da Aitzol García-Etxarri Ikerbasqueko ikerlaria.
Neuroteknologiak garuneko jarduera irakurtzeko eta manipulatzeko gai diren metodoak dira. Oso urte gutxitan, teknologia horien bidez, zientziak mugarri handiak lortu ditu, hala nola ELA gaitza duen paziente bat inkomunikaziotik ateratzea, edo itsutasun mota oso zehatz bat duten pazienteei ikusmenaren zati bat itzultzea.
Gaur egun, terapia horiek aplikatzeko (esperimentalak badira ere), ebakuntza oldarkorrak egin behar zaizkie pazienteei. Garunean gailu mikroelektronikoak jarri behar zaizkie; neuronen jokabidea irakurtzeko eta beraien portaera aldatzeko gai direnak. Gauza bera modu ez-inbaditzailean lortzeko bidean, hau da, garezurretik kanpo jardungo duten gailuen erabilera lortzeko, mundu mailako ekimen ugari daude.
Neuroteknologia eta neuroeskubideen inguruko hitzaldia izango da. Neuroeskubideak teknologia horiek har ditzaketen bide ilunetatik babesteko giza eskubideen deklarazio unibertsalari gehitu nahi zaizkion 5 eskubide berri dira.
Hizkuntza: Euskara
Garuna(k) erakusketarekin lotutako jarduera.
Hizlariari buruz
Aitzol Garcia-Etxarri Ikerbasque ikertzailea da Donostia International Physics Centerren.
Aitzol telekomunikazioetako ingeniaria da, eta zientzia fisikoetan doktorea. Javier Aizpuruak eta Pedro Miguel Etxenikek gainbegiratu zuten doktorego-tesia, eta 2010eko doktorego-sari berezia eman zioten. Ondoren, Stanfordeko Unibertsitatean 4 urtez lan egin zuen ikertzaile gisa. 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fellows Gipuzkoa laguntzari esker, Donostiara itzuli zen bere ikerketa-taldea osatzeko.
Gaur egun, Aitzol DIPCko nano-fotonikako taldearen buru da, non 10 bat ikertzailek argiaren eta nanopartikulen arteko interakzioa aztertzen duten. Ikerketa horiei esker, teknologia optiko berriak garatu ahal izan dira, biomedikuntzaren eta konputazioaren arloan aplikazioak dituztenak.
Gaur egun, beste abentura zientifiko batzuen artean, Aitzol “nanoneuro” proiektuaren buru da. Proiektu honek nanopartikulak erabili nahi ditu izaki bizidunetan jarduera neuronala modu seguruan eta ez-inbaditzailean erregistratu eta beharrezkoa denean moldatzeko.
Bestalde, Aitzol zientzia dibulgatzailea ere bada. Besteak beste, dibulgazio-hitzaldi ugari ematen ditu eta mota askotako zikloetan partzen du. Euskadi Irratiko Baipasa saioko kolaboratzaile izandakoa da, eta aldizka JotDown Magazine bezalako argitalpen kulturaletan parte hartzen du. “Harrotasuna zientzian” ekimenanaren sortzaileetako bat da.
Aurten Jakiundeko kide urgazle gazte izendatu dute.