Donostia International Physics Center (DIPC), 25 urte zientzia sustatzen
DIPC-ek mende laurdena ospatu du Lehendakaria buru izan duen ekitaldi batekin
Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak bere 25. urteurrena ospatu du gaur Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldian, zentroaren ibilbideaz hausnartu da, sorrerako ideietatik abiatuta etorkizuneko erronketaraino. Ospakizunean, Imanol Pradales Lehendakaria, erakundeetako eta erakunde laguntzaileetako ordezkariak, DIPCko komunitate zientifikoa eta publiko orokorra izan dira.
Donostiako zentroak egiten duen abangoardiako ikerketaren garrantzia aitortu du Imanol Pradales lehendakariak bere irekiera-hitzaldian. “Euskadi munduko zientziaren mapan kokatzeko erabakigarria izan da DIPC. Bikaintasunaren erreferente munduan. Herri proiektua eta harrotasun-iturria da gure herriarentzat”, adierazi du lehendakariak.
Urteurren-ekitaldian, mende-laurden honetako mugarri garrantzitsuenak aurkeztu dituzte zentroko zuzendaritzako kideek, eta kontakizuna ikus-entzunezko pieza hunkigarriekin txandakatu dute. Haien bidez, DIPCren une historikoak gogora ekarri ahal izan dira, eta DIPCren komunitateak egunero lan zientifikoa egiten duen laborategi aurreratuetan barrena ibili ahal izan dira.
Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak pertsona eta erakunde ugariren lankidetza sakon eta eskuzabala azpimarratu du, eta ikerketa-zentroaren arrakasta lorpen kolektiboa dela adierazi. Bestalde, Aran García Lekue proiektu estrategikoen zuzendariak agerian jarri du oinarrizko ikerketak zer garrantzi duen aplikazio berriak garatzeko motor gisa, eta nabarmendu du DIPCk funtsezko hainbat ikerketa-ildo dituela eta etorkizuneko harrobi zientifikoa osatzen laguntzen duela, ikertzaile gazteen parte-hartze aktiboan oinarrituta. Zentroaren erantzukizuna, ordea, ez da aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan amaitzen; Nora González dibulgazio eta komunikazioko zuzendariak aditzera eman duenez, DIPCk ezagutza hori gizartean zabaltzeko konpromiso sendoa du, eta publiko guztiei zuzendutako dibulgazio- eta komunikazio-jarduera ugariak dira horren erakusgarri.
Bestalde, gaurko egunerako bereziki aukeratutako emanaldi artistikoak izan dira, hala nola Izarren Hautsa kanta entzutetsua jo dute Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñar Sastre piano-joleak. Haiek erakutsitako konplizitateari esker, une magikoa sortu da eszenatokian. Une txalotuenetako bat Maialen Lujanbio bertsolariaren ezusteko saioa izan da, bertso bana eskaini baitie DIPCri eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidente eta proiektuaren bultzatzaile nagusiari.
Lortutakoa omentzeaz gain, ospakizun-ekitaldian azpimarratu dute garrantzitsua dela zentroaren etorkizuna eraikitzen jarraitzea, askotariko proiektuen bidez; besteak beste, eraikin berria aipatu dute —Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak finantzatua—. Hari esker, jauzi kualitatibo bat eman ahal izango zaio DIPCren jarduerari, hazkundea sendotuz eta mugako zientzia garatzeko gaitasunak zabalduz.
Azken hitzaldian, Pedro Miguel Etxenikek nabarmendu duenez, “politika zientifiko on batek epe luzea behar du, jarraipena. DIPC politika horren emaitza da, bata bestearen atzetik etorri diren gobernu guztiek bultzatu eta sostengatu dutena. Laster inauguratuko dugun DIPCren eraikin berria erabakigarria izango da munduko abangoardian jarraitzeko”.