"El secreto de la Naturaleza" eta Pedro Miguel Etxenike Zarautzen

Lankidetzak

Parte-hartzailea
Pedro Miguel Etxenike, Guillermo Roa, Iker Badiola
Noiz
2026/05/19
19:00
Lekua
Modelo Aretoa, Zarautz
Antolatzaileak
ZarautzOn Elkartea, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, Laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza saila, Zarauzko Udala, Pagoa, Afora.net, DIPC,
Gehitu egutegira
iCal
Subscribe to Newsletter
"El secreto de la Naturaleza" eta Pedro Miguel Etxenike Zarautzen
"El secreto de la Naturaleza" (José A. Pérez Ledo, 2018).

ZarautzOn elkarteak "El secreto de la Naturaleza" dokumentalaren emanaldia antolatu du, eta ondoren Pedro Miguel Etxenike eta Guillermo Roarekin solasaldia izango da.

José Antonio Pérez Ledok zuzendua eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak ekoiztua, dokumentalak Pedro Miguel Etxenike EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna eta DIPCko presidentearen bizitza eta lana aztertzen ditu. 55 minutuko filmak Etxenikek zientziari buruz dituen hausnarketak eskaintzen ditu: zer den, zer osagai dituen eta zergatik den hain garrantzitsua, modu intimoan aurkeztuta. Etxenikeren hitzetan, zientzia “etorkizun justuago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra da”.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria den Iker Badiolak aurkeztuko du dokumentala. Proiekzioaren ondorengo solasaldian Guillermo Roa, Kimikan doktorea eta zientzia eta teknologia dibulgatzailea arituko da protagonistarekin batera.

Sarrera librea eta doakoa, lekuak bete arte.

 

Hizlariari buruz

PME.jpeg

Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) materia kondentsatuaren fisikako Emeritu katedraduna da eta Donostia International Physics Center (DIPC) ) eta Materials Physics Center (MPC) zentroetako lehendakaria. Jakiunde, Euskal Herriko Zientzien, Arteen eta Letren Akademiaren ohorezko presidentea, Zientzien Errege Akademiako eta Académie Royale de Belgiqueko kide oso eta European Physical Societyko ohorezko kidea.

Sari ugari jaso ditu. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Ikerketako Euskadi Saria (1996), Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria (1998), Fisikako Max Planck Saria (1998), Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala (2005) eta Donostiako (2000) eta Nafarroako Urrezko Domina (2016). Gainera, Doctor in Science da Cambridgeko Unibertsitatean (1998), eta Doctor Honoris Causa beste sei unibertsitatetan.

Bere ikerketalanaz gain (aldizkari espezializatuetan 400 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta nazioarteko biltzarretan eta mundu osoko unibertsitate eta erakunde entzutetsuetan 200 hitzaldi gonbidatu baino gehiago), azken urteotan ahalegin handia egin du zientzia jarduera ekonomiko eta kultural gisa sustatzeko, eta zientifikoki informatuta dagoen gizartearen garrantzia nabarmentzeko.