Txinpantzeek kristalekiko duten erakarpena lagungarri izan daiteke gure arbasoek mineral horiekiko zuten lilura ulertzeko

2026 Mar 4

Gizaki modernoen arbasoek ere biltzen zituzten kristalak, itxuraz ezertarako erabili ez arren. Txinpantzeekin berriki eginiko ikerketa esperimental batek bide gehiago zabaltzen ditu portaera horren oinarri ebolutiboak aztertzeko. Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikerlariek zuzendua da ikerlana, eta Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu dute.

Txinpantzeek kristalekiko duten erakarpena lagungarri izan daiteke gure arbasoek mineral horiekiko zuten lilura ulertzeko
DIPCko ikerlarien eskutik, txinpantzeetan kristalen erakarpenari buruzko ikerketa Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu dute.

Gure arbaso hominidoek duela ehunka mila urte ere biltzen zituzten kristalak. Harri haiek bazuten zerbait erakargarria, itxuraz erabilgarritasun instrumentalik ez bazuten ere. Galdera, beraz, hau da: zer dela-eta biltzen zituzten? Lilura horren sustraietan sakontzeko, Juan Manuel García-Ruiz Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Ikerbasque irakasleak zuzendutako ikertalde batek zenbait esperimentu egin ditu endokulturatutako txinpantzeekin Rainfer – Chimpatía Fundazioaren instalazioetan. Gure arbaso homininoekin esperimentuak egitea ezinezkoa zenez, primate horiek aukeratu zituzten, espezie hori baitago hurbilen genetikoki Hominidae familiatik. Emaitzek bistaratzen dutenez, kristalen gardentasunak eta formak erakarri egiten dituzte txinpantzeak, eta gai dira antzeko tamaina duten harri arruntetatik bizkor bereizteko. Aurkikuntza horren bidez, argitu liteke zergatik liluratu dituzten gure arbasoak ia 800.000 urtez kristalen antzeko propietateak dituzten objektuek, eta lagungarria izan daiteke, orobat, egun ere pizten duten interesaren arrazoiak azaltzeko. Era berean, bide gehiago zabaltzen ditu homininoen portaera ulertzeko: kristalen aurrean ikusitako erantzunek —homininoetan eta homininoak ez diren tximinoetan— nolabaiteko aurretiko joera kognitibo partekatua iradokiko lukete. Kristalak biltzeak agerian uzten du propietate materialak garrantzitsuak direla lehen portaera kognitibo sinbolikoak konfiguratzeari dagokionez, eta, hori horrela den heinean, lagungarria izan daiteke jokabide horien oinarri ebolutiboak aztertzeko.

Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu berri den ikerketa honetan, DIPCko zientzialariek zuzendutako ikerketa aitzindari baten garapen esperimentala deskribatzen da. Ikerketa horretan, Chimpatía Fundazioak legez kanpoko trafikotik, esploraziotik eta abandonutik erreskatatutako txinpantzeak dira protagonista. “Frogatu dugu txinpantze endokulturatuek, kristalekiko erakarpena sentitzeaz gainera, gaitasuna dutela antzeko ezaugarriak dituzten bestelako harrietatik nabarmen bereizteko”, kontatu du García-Ruiz irakasle eta artikuluaren egile nagusiak. “Ezusteko atsegina izan zen txinpantzeek kristalekiko zuten erakarpena zeinen indartsua eta itxuraz naturala zen ikustea. Horrek iradokitzen duenez, baliteke horrelako objektuekiko sentsibilitateak sustrai ebolutibo sakonak izatea”.

Monolitoa

Gizaki modernoak duela sei-zazpi milioi urte inguru bereizi ziren txinpantzeetatik, eta, beraz, antzekotasun nabarmenak partekatzen ditugu geneetan eta portaeran. Portaera horietako bat kristalekiko lilura ote den jakiteko, ikertzaileek zenbait esperimentu diseinatu zituzten. Saio horietan, kristalak eman zizkieten txinpantze endokulturatuz osaturiko bi talderi, biak ala biak Chimpatía Fundazioak erreskatatuak eta Primateak Erreskatatzeko Rainfer Zentroan hartuak. Lehenbiziko taldea Manuela, Guillermo, Yvan, Yaki eta Toti txinpantzeek osatua zen, eta bigarrena, berriz, Gombe, Lulu, Pascual eta Sandyk. Lehenbiziko esperimentuan, kristal handi bat —monolitoa— plataforma baten gainean jarri zen, antzeko tamainako harri arrunt baten alboan. Hasieran bi objektuek txinpantzeen arreta erakarri bazuten ere, agudo heldu zioten kristalari, harria alde batera utzita. Plataformatik erretiratu ondoren, txinpantze guztiek ikuskatu zuten kristala; biratu eta okertu egiten zuten angelu desberdinetatik erreparatu ahal izateko. Ondoren, Yvanek kristala hartu, lolekura eraman eta arreta handiagoz aztertu zuen.

Ikertaldeak ikusi zuen interes hura biziagoa zela kristala erakutsi eta berehala, eta, denborak aurrera egin ahala, interes hori oso pixkanaka desagertuz zihoala. Gizakien kasuan, portaera-eredu berbera antzematen da: objektu batek berritasuna galtzen duen heinean, gutxitu egiten da eskaintzen zaion arreta. Zaintzaileak kristala txinpantzeen lolekutik berreskuratzen saiatu zirenean, animaliek ez zuten itzuli nahi izan, eta, azkenean, haien mokadurik gogokoenak eman behar izan zizkieten trukean: bananak eta jogurta.

Kristalek piztutako lehentasuna

Bigarren esperimentuak frogatu zuen txinpantzeak gai zirela kuartzozko eta kaltzitazko kristal txikiagoak identifikatzeko eta hautatzeko —batzuk gardenak eta beste batzuk ez, hominidoek orain 780.000 urte bildutakoen antzeko tamainakoak— kolore eta testura desberdineko 20 harri-koskor biribilduren artetik. “Lehenbiziko emaitzak oso informatiboak eta interesgarriak izan ziren, batez ere Yvanek harri koskorren artetik kuartzozko kristal bat aukeratu zuenean, haren gardentasunari arretaz erreparatzeko. Beste horrenbeste egin zuten beste txinpantze batzuek ere lolekuko leihoaren argitan jarrita edo beren literetan patxada ederrean etzanda; liluratuta zeuden propietate horrekin”, azaldu du García-Ruizek.

Hala ere, ez ziren gardenak hominidoek orain milaka urte biltzen zituzten eta zenbait aztarnategi arkeologikotan aurkitu diren kristalak. Hominidoei mineral horien beste zer propietatek ematen ote zien arreta ikertzeko, zientzialari-taldeak erabaki zuen esperimentua konplexuago egitea: harri-koskorrez osaturiko multzoetan, tamaina, distira eta gardentasun desberdineko hiru kristal sartu zituzten (bata kaltzitazkoa, bigarrena kuartzozkoa, eta hirugarrena piritazkoa). Alabaina, bazen guztiek partekaturiko propietate bat: forma poliedrikoa zuten denek. Kasu horretan ere, txinpantzeak gai ziren harri-koskorren artetik kristalak bereizteko eta hartzeko. Sandyk, esate baterako, harri-koskorrez eta kristalez osaturiko multzo osoa hartu eta plataforma batera eraman zuen. Han, jolasean aritu zen haiekin. “Plataformara igotzeko modua izan genuenean, zer egin ote zuen ikusteko, bi harri-multzo ikusi genituen bereizita: batean forma biribileko harri-koskorrak, eta bestean, berriz, hiru kristalak. Harriturik gelditu ginen bereizteko gaitasunarekin, gainerako harrietatik separatu eta formaren arabera ordenatu baitzituen, poliedrikoak zirenak eta beste guztiak multzokatuta”, azaldu du DIPCko irakasleak.

Kristalak gogoan

Ikerketak ez zuen aztertu txinpantze batzuek interes handiagoa ote zuten kristalekiko beste batzuek baino, edo batzuek grina gehiagoz eskuratu nahi ote zituzten besteek baino. Muga horren jakitun, zientzialariek diote etorkizuneko ikerketek kontuan hartu beharko luketela txinpantzeen nortasuna. “Batzuek On Kixotek bezala jokatzen dute, eta beste batzuek Santxo Panzak bezala; batzuk idealistak dira, eta beste batzuk pragmatikoak. Batzuk liluraturik gelditzen dira kristalen gardentasunarekin, eta beste batzuek, berriz, usaindu eta jangarriak ote diren jakin nahi izaten dute”, adierazi du García-Ruizek. Esperimentuan parte hartu duten txinpantzeak, bestalde, ohituta daude gizakiekin harremanetan egotera, eta ezagutzen dituzte mundu naturalean aurkitzen ez diren objektuak. Beraz, gutxiago endokulturatutako espezieekin egin beharko lirateke esperimentu berak; tximino basatiekin egitea litzateke idealena.

Esperimentuetan eginiko behaketa konbinatuetatik ondorioztatzen denez, gardentasuna eta forma propietate erakargarriak dira. Agian ezaugarri horiek berek piztuko zuten mineral horiekiko interesa lehenbiziko homininoengan. Gure arbasoek mundu naturaleko hodeiak, zuhaitzak, mendiak, animaliak eta ibaiak zituzten inguruan, eta kurbatuak eta adartsuak ziren guztiak; beraz, elementu gutxik zituzten lerro zuzenak eta gainazal lauak. Kristalak dira poliedro natural bakarrak, hau da, gainazal lau ugari dituzten solido natural bakarrak. Lehenbiziko gizakiak beren ingurunea ulertzen saiatzean, baliteke haien prozesu kognitiboek nolabaiteko erakarpena sentitu izana ezagutzen zutenaz bestelako patroiekiko.

Lan honek kristalekiko dugun lilura azaltzen laguntzen du, eta lagungarria da, orobat, pentsamendu metafisikoaren eta sinbolikoaren sustrai ebolutiboak ulertzeko; izan ere, kristalek agian katalizatzaile gisa jardun zuten ‘beste mundu’ transzendente bat kontzeptualizatzeko. Posible da kristal haien bitxitasunak, erakargarritasun optikoak eta berezitasun geometrikoak esanahi berezia eman izana, eta akaso funtzionatuko zuten berehalako mundu ukigarriaz gaindiko ideien irudikapen fisiko gisa. “Orain badakigu duela gutxienez sei milioi urtetik izan ditugula kristalak gogoan”, adierazi du García-Ruizek.

Argitalpenaren erreferentzia

Juan Manuel García-Ruiz, Tomás de la Rosa, Irene Delval & Guillermo Bustelo
On the origin of our fascination with crystals
Frontiers in Psychology (2026)

DOI: 10.3389/fpsyg.2026.1633599