"Olatu baten istorioa" film laburra Zinebi jaialdian estrenatuko da DIPCren parte hartzearekin

2024 Urr 31

Datorren azaroaren 12an, 18:00etan, Azkuna Auditorioan, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Olatu baten istorioa estrenatuko da, olatuen fisikaren eta surfaren pasioaren arteko lotura aztertzen duen film laburra. Kepa Acero surflaria du protagonista, eta Maia Garcia-Vergniory fisikaria, Ikerbasqueko irakaslea Donostia International Physics Centerren (DIPC) eta Alemaniako Max Planck Institutuko kidea, du laguntzaile.

"Olatu baten istorioa" film laburra Zinebi jaialdian estrenatuko da DIPCren parte hartzearekin
"Olatu baten istorioa" kartela.

Olatu baten istorioa poema bisual eta murgiltzailea da, eta irudi erreala eta animazioa uztartuz, bi bidaia paralelo kontatzen ditu: olatu batena, bere jatorritik itsasertzeraino, eta azken atsean desegin baino lehen bere alboan egoteko bila doakion Kepa Acero surflariarena. Olatuei forma ematen dien energiaren ibilbidea iragartzeko zientziak duen gaitasuna jorratzen du filmak, baina, aldi berean, gizakiak naturarekin dituen harremanek azalpen zientifikoak nola gainditzen dituzten islatzen du. Surflariak eta olatuak topo egiten duten unean, azalgarria azalezina bihurtzen da, ulermen arrazioala gaindituz.

Zuzendaria Nagore Eceiza da, 20 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala duen zinemagile donostiarra. Surfa eta zientzia uztartu nahi izan ditu lengoaia zinematografikoa erabiliz, Ternuako, Cabo Verdeko eta Euskadiko agertokietan zehar.

Maia Garcia Vergniory Donostia International Physics Centerreko ikertzailea eta Kanadako Sherbrooke Unibertsitatean materia kondentsatuaren fisikako irakaslea da.

Proiektu interdisziplinar honek Donostia. Zientzia Hiria ekimenean du jatorria. 2022an DIPC, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta Donostia Kultura batu zituen proiektu hark hiriko gai eta leku esanguratsuak zientziaren lupapean aztertzeko. Lehenengo edizio hartan Surfa eta Zientzia izan zituen hizpide, eta Kepa Acero eta Maia Garcia Vergnioryk parte hartu zuten Olatu baten istorioa izeneko hitzaldiarekin. Bidegurutze hartatik abiatuta, 2 urte ondoren izen bereko laburmetraiak argia ikusi du.

El Santo Filmsek eta Nagore Eceizak ekoitzitako film laburraren banaketa 2025ean hasiko da. Eusko Jaurlaritzak, EDPk, Donostia International Physics Centerrek (DIPC), Euskampusek eta UPV/EHUko Kultura eta Zientzia Katedrak elkarrekin egindako ahaleginari esker izan da posible ekoizpena.

Zinebiko film laburraren estreinaldia, zinemaren, surfaren eta zientziaren zaleentzat ekitaldi nabarmena izango da, ikuslea bidaia liluragarri batean murgiltzeko pantailatik harago doan esperientzia eskainiz. Kepa Acero, protagonista eta Nagore Eceiza, zuzendaria, izango dira estreinaldian, sormenean parte hartu duten kide artistikoez gain. Emanaldiaren ostean, hala nahi duten pertsonek aukera izango dute beraiekin elkartzeko gertuko leku batean, filmak sortzen dituen interesei buruz hitz egiten jarraitzeko.