UPV/EHUko Zientzia Astean izango gara azaroaren 7tik 9ra Tabakaleran
DIPC, CIC nanoGUNE, Materialen Fisikako Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU) eta POLYMAT zentroek, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatutako Zientzia Astean parte hartuko dute 2024ko azaroaren 7tik 9ra Tabakaleran.
Lau zentroetako profesionalek ikastetxeei eta publiko orokorrari zuzendutako "Materialen munduan barrena" txokoan hartuko dute parte. Publiko orokorrarentzat ordutegia honakoa izango da:
- Osteguna, azaroak 7: 17:00-18:30
- Ostirala, azaroak 8: 17:00-19:30
- Larunbata, azaroak 9: 10:00-14:30 & 16:00-19:00
Gainera, "Zientzia Club" bakarrizketa zientifikoen ikuskizunera gerturatzeko gonbita luzatzen dizuegu. Bertan Idoia Mujika (CFM CSIC-UPV/EHU) "Mikrouhinekin dantzan" [EU], Ane Escobar (CFM CSIC-UPV/EHU) "Nork agintzen du gure gorputzean?" [EU/ES], Gabriel Molina Terraza (CFM CSIC-UPV/EHU, DIPC elkartua) "Diamanteak fisika (kuantikoaren) lagunik onenak dira" [ES] eta Paula Malo de Molina (CFM CSIC-UPV/EHU) "Proteinak tolesten" [ES] izango dira beste dibulgatzaile batzuekin batera. Hau ostiralean, azaroak 8an, izango da 19:30tan.
"Eskalatu zure mundua", 4-8 urte bitarteko umeei zuzendutako tailer familiarra, azaroak 9 larunbatean, 10:00tan izango da, euskaraz eta gazteleraz. Gainera aurten, ikastetxeei zuzendutako (12-18 urte bitarteko ikasleak) tailerra estreinatuko da DIPCko partikulen fisikako taldearekin "Izpi kosmikoak eta oinarrizko partikulak". Tailerretan parte hartzeko aurretiko izen ematea beharrezkoa da.
Donostiako programa tailer, ibilbide didaktiko eta bestelako jarduerekin osatzen da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Donostiako Zientzia Astea webgunea.
Gainera, azaroaren 6tik abenduaren 12ra bitartean, Bizkaia Aretoan "Surf eta Zientzia" erakusketa ikusi ahal izango da, Euskampus Fundazioa, Bilboko Ingeniaritza Eskola, Sopelako Peña Txuri Surf Eskola eta UPV/EHUko Ikerketaren Gizarte Zabalkunderako Zuzendaritzaren lankidetzari esker. Erakusketa hau 2021ean sortu zen DIPCren, Donostiako Udalaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik.