Filosofia
Testuak: Antonio Moreno González doktorea
Einsteinek pentsatzen zuen bere zientzia-jarduera historian zehar naturaren misterioak ulertzeko egon ziren ekarpen filosofikoen parte zela. Bere laguntzaile Leopold Infeldekin batera idatzitako La Física, aventura del pensamiento (Buenos Aires, 1939) liburuan, fisikaren eta filosofiaren arteko elkarrekikotasunari buruz, "El fondo filosófico" atalean honakoa idazten du:
"Zientzia-ikerketen emaitzek askotan zientziaren eremu mugatuari ihes egiten dioten hedapeneko arazoen ikuskera filosofikoan aldaketa sakonak zehazten dituzte. Zein da zientziaren helburua? Zein eskakizun bete behar ditu natura deskribatu nahi duen teoria batek? Gai horiek, fisikaren mugetatik kanpo egon arren, horrekin guztiz erlazionatuak daude, jatorria zientzian baitute. Orokortasun filosofikoak zientziako ondorioetan oinarritu behar dute. Baina, zabal ezarri eta onartuak daudenez, era berean, zientziako pentsamenduaren ondoko garapenean ere eragiten dute, jarraitu beharreko bide anitzetariko bat adieraziz. Onartutakoaren aurkako matxinada egoki batek, orokorrean, ikuskera filosofiko berriak dakartzaten ezusteko aurrerapenak eragiten ditu. Hausnarketa horiek arinak eta ganoragabeak dirudite fisikaren historiako adibideekin ilustratzen ez diren bitartean."
Hala eta guztiz ere, Einsteinen ezagutzaren aurreko jarrera berezia izan zen bere bizitzako guztia bezala, hau da, hori ez zegoen kontraesanetatik aske. Nahiz eta bere karreraren hasieran Ernst Mach eta Poincaré matematikaria bezalako filosofo positibisten eragina izan zuen, bere heldutasuneko urteetan positibismotik aldendu zen eta Mach "filosofo txartzat" hartzera ere iritsi zen, zientziako teorien formulazioak behaketaren esperientziarekin loturarik izan behar ez zuenaz geroz eta konbentzituagoa. Karl Popper Einsteinekin izan zuen topaketan ondoko ondoriora iritsi zen: "Gure asmamena, gure imajinazioa, gure adimena eta bereziki gure teoriak eztabaidatu eta alderatzeko gaitasun kritikoak dira gure ezagutza garatzea ahalbidetzen dutenak". Einsteinek honela laburtu ohi zuen hitz gutxitan: "Hemen ez dago inolako helbururik, pentsatzeko zeregin atseginari eskaintzeko aukera bakarrik". Honela kontatzen du Popperrek Einsteinek eragin zion inpresio pertsonala:
"Zaila da Einsteinen izaerak nigan eta nire emaztearengan eragin zuen inpresioa deskribatzea. Beragan konfiantza eduki behar zen, baldintzarik gabe entregatu behar zen bere atsegintasunera, ontasunera, jakituriara, zintzotasunera eta ia haurrena bezalakoa zen xumetasunera. Gure munduaren alde hitz egiten du eta Amerikaren alde, mundutik hain aldenduta dagoen gizon batek bertan bizitzeaz gain, preziatua eta errespetatu izan daitekeelako."
Bere lan egiteko eta portaerari dagokionez, oso esanguratsuak dira Hans Albert Einsteinen semearekin eta bere bizitzan zehar kolaboratzaileak izan direnen ordezkapen zabal batekin izandako BBCk 1966an irratian bota zituen eta G. J. Whitrowk Einstein: el hombre y su obra (Mexiko, 1961) liburuan argitaratu zituen elkarrizketak. Ondokoak dira Banesh Hoffmannen berak eta Leopold Infeldek 1937tik aurrera, zientzialari ospetsuari ikerketa-gaien bat gomendatzeko aurkeztera ausartu ondoren, Einsteinen zuzendaritzapean lan egin zuten aldiari erreferentzia eginez emandako erantzunetatik ateratako ideiak:
"Nik Einsteinekin lan egiteko zortea izan nuen. Edozeinek bere buruak nola lan egiten zuen ikusi eta norbera zientzialari handi bihurtzen ikasteko aukera bikain gisa ikusiko luke. Zoritxarrez, hori ez zen gertatu. Jenioak ezin du bere burua norberak jarraitu ahal izateko arau sinpleen multzo bat bakarrik izan.
Irteerarik gabeko kale batera iristen ginenean... guztiok eten bat egiten genuen eta orduan Einstein zutik jartzen zen lasai eta bere ingeles bitxian honela esaten zuen: "I will a little think" ("Pixka bat pentsatuko dut"). Hori esanez gora eta behera ibiltzen zen edo zirkuluan, bere ile zuriko xerlo batekin jolasten zen bitartean, bere hatz erakuslearekin birak emanaz. Hain momentu dramatikoetan, Infeld eta ni guztiz isilik geratzen ginen, mugitzera edo soinurik txikiena ere egitera ausartu gabe, bere pentsamenduaren bidea ez eteteko...Bere aurpegian begirada ameslaria, urruna eta, aitzitik, barneratua zegoen. Ez zuen kontzentrazio goreneko inolako itxurarik ematen. Beste minutu bat gehiagoz pentsatzen zuen eta beste batez eta, bat-batean, Einstein nabarmen lasaitzen zen eta bere aurpegia irribarre batekin argitzen zen...berriz errealitatera itzuli eta gu han ginenaz konturatzen zela zirudien. Orduan arazoaren konponbidea ematen zigun eta ia beti konponbideak funtzionatzen zuen."
Ernst Mach (1838 - 1916)
Ideiak berrikusten