Eskolentzako saioa: "Gravity" Lurdes Ondarorekin
Zinema eta Zientzia Zikloa
- Zientzialari gonbidatuak
-
Lurdes Ondaro Mallea
DIPC - Noiz
-
2025/03/11
09:30 - Lekua
- Tabakalera, Donostia / San Sebastian
- Antolatzaileak
- DIPC, Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia
- Gehitu egutegira
-
iCal

Kultura zinematografikoa eta zientifikoa ezagutarazteko asmoarekin Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak (SSIFF) antolatzen duten Zinema eta Zientzia Zikloaren zortzigarren edizioa martxan da. Urtero bezala, zikloaren baitan ikastetxeei zuzendutako saioez gozatzeko aukera izango da Donostia, Bilbao eta Vitoria-Gasteizen. Helburua, gaurkotasuna duten gai zientifikoak belaunaldi berriei gerturatzea da zientzialariek aurkezten dituzten pelikulekin. Aurten Alfonso Cuarón zuzendariak 2013an zuzendutako GRAVITY pelikularen proiekzioa izango da eztabaida zientifikoaren abiapuntu.
Hubble teleskopioan konponketa batzuk egiten ari direla, zabor espazial zaparrada batek euren espaziontziaren kontra talka egin, eta inkomunikatuta eta bakarrik uzten ditu "Gravity" filmeko bi protagonistak. Baina zer da Hubble teleskopioa? Zer behatzen du? Zergatik bidali dugu espaziora lurraren gainean milaka kilometroko altueran orbitatzera, lurretik behaketak egitea askoz erosoagoa izanda? Saio honetan zehar, Hubble teleskopioak Unibertsoari buruz erakutsi diguna izango dugu hizketa gai, baita astrofisika eta kosmologiako behaketen etorkizuna, eta zabor espazialak dakartzan arriskuak ere.
Gai honi buruz hitz egiteko, unibertsoaren ikerketan lehen lerroan ari diren Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroko KOSMOS arloko ikerlarien parte hartzea izango dugu. Bertan, unibertsoaren jatorria, konposizioa, egitura eta eboluzioaren inguruko oinarrizko galderei erantzun nahian lanean dabiltza.
Hizlariari buruz
Lurdes Ondaro Mallea Munitibarren jaio zen 1997an. Fisika ikasketak Bilbon egin ostean, DIPCn egon zen urtebetez ikerlari. Ondoren Madrilen Fisika teorikoko masterra eginda, doktorautza ikerlaria da egun DIPCn. Bere ikerketa alorra kosmologia konputazionala da, alegia, ordenagailuetan unibertsoaren simulazioak eginez, unibertsoaren osagaiak, bere egitura eta historia nolakoak diren ikertzen aritzen da.