Eskolentzako saioa: "Gravity" Leire Larizgoitiarekin
Zinema eta Zientzia Zikloa
- Zientzialari gonbidatuak
-
Leire Larizgoitia
DIPC - Noiz
-
2025/03/17
09:30 - Lekua
- Bizkaia Aretoa UPV/EHU - Auditorio Mitxelena, Bilbao
- Antolatzaileak
- DIPC, Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia
- Gehitu egutegira
-
iCal

Kultura zinematografikoa eta zientifikoa ezagutarazteko asmoarekin Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak (SSIFF) antolatzen duten Zinema eta Zientzia Zikloaren zortzigarren edizioa martxan da. Urtero bezala, zikloaren baitan ikastetxeei zuzendutako saioez gozatzeko aukera izango da Donostia, Bilbao eta Vitoria-Gasteizen. Helburua, gaurkotasuna duten gai zientifikoak belaunaldi berriei gerturatzea da zientzialariek aurkezten dituzten pelikulekin. Aurten Alfonso Cuarón zuzendariak 2013an zuzendutako GRAVITY pelikularen proiekzioa izango da eztabaida zientifikoaren abiapuntu.
Pelikulak espazio esplorazioa jorratzen duela aprobetxatuz, DIPCn partikulen fisikaren alorrean egiten den ikerketa unibertsoa ulertzeko nola erabiltzen den ikusiko dugu. Pelikulan ageri den Hubble bezalako eta beste teleskopio modernoago batzuei esker, unibertsoaren garai desberdinetako irudiak berreraikitzen dira. Irudi horietan ikusten duguna azaldu eta ulertzeko, unibertsoa, izarrak eta zeruko beste elementu batzuk zertaz osatuta dauden ulertzea ezinbesteko da. Hortaz arduratzen da hain zuzen partikulen fisika eta bere ekarpena garrantzitsua da kosmosa osotasunean ulertzeko. DIPCko ikerlariak neutrino izeneko oinarrizko partikulak ikertzen ari dira, hauek unibertsoaren materia/anti-materia asimetriarekin lotuta egon litezke. Gainera, zientzialariek esparru ezberdinetan ezezagunak diren gauzak esploratzeko duten beharraz hitz egingo dugu, unibertso zabaletik hasi eta funtsezko partikula txikietara arte.
Gai honi buruz hitz egiteko, unibertsoaren ikerketan lehen lerroan ari diren Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroko KOSMOS arloko ikerlarien parte hartzea izango dugu. Bertan, unibertsoaren jatorria, konposizioa, egitura eta eboluzioaren inguruko oinarrizko galderei erantzun nahian lanean dabiltza.
Hizlariari buruz
Leire Larizgoitia Arcocha doktoretza aurreko ikertzailea da DIPCn. Bere ikerketa neutrinoen fisika esperimentalean oinarritzen da, detektoreen garapenean zehazki. Horretarako, neutrinoen zenbait esperimentutan parte hartzen du, hala nola NuESS (European Spallation Source, Lund, Suedia) eta NEXT (Canfranc-eko Lurpeko Laborategian, LSC). Fisikako gradua (UPV/EHU) ikasten ari zela Queen’s-eko (Kanada) unibertsitatean egonaldia burutu eta, ondoren, masterra egin zuen Valentziako Unibertsitatean. CERNen zein DIPCn ikerketa praktikak egiteko aukera izan zuen. 2022an Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko beka lortu zuen DIPCn tesia aurrera eramateko eta 2023an Fulbright beka jaso zuen Chicagoko Unibertsitatean egonaldi bat egin eta neutroi-kamera bat garatzeko.