Iruñean ''El Secreto de la Naturaleza'' dokumentalaren proiekzioa eta Pedro Miguel Etxenikeri elkarrizketa
DIPC eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedra
- Parte-hartzailea
-
Pedro Miguel Etxenike (DIPC, EHU), Iker Badiola (EHU), Fermin Erbiti (Nafarroako Kontuen Ganbera)
- Noiz
-
2026/09/23
19:00 - Lekua
- Golem Baiona Zinemak (Baiona etorbidea, 56), Iruñea
- Antolatzaileak
- Nafar Ateneoa, EHUko Kultura Zientifikoko katedra, DIPC, Golem, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
- Gehitu egutegira
-
iCal
Iruñeak ''El Secreto de la Naturaleza'' dokumentalaren proiekzioa hartuko du, eta ondoren, Pedro Miguel Etxenikerekin eta Fermin Erbitirekin solasaldia egingo da.
José Antonio Pérez Ledok zuzenduta eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzita, dokumentalak Pedro Miguel Etxenikeren bizitza eta obra jorratzen ditu. Etxenike EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna eta DIPCko presidentea da. 55 minutuko filmak Etxenikek zientziari buruz egiten dituen gogoetak eskaintzen dizkio ikus-entzuleari: zer den zientzia, zertan datzan eta zergatik den hain garrantzitsua. Hori guztia modu hurbil eta intimoan aurkezten du. Etxenikek berak dioen bezala, zientzia ''etorkizun bidezkoago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua da, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra''.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria den Iker Badiola arduratuko da dokumentala aurkezteaz. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da, eta bertan, Nafarroako Comptos Ganberako Komunikazio arduraduna den Fermin Erbiti protagonistarekin batera arituko da.
Ekitaldia Nafar Ateneoak eta EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak antolatu dute, DIPC eta Iruñeko GOLEM zinemen laguntzarekin.
Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.
Hizlariari buruz
Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) materia kondentsatuaren fisikako Emeritu katedraduna da eta DIPC eta Materials Physics Center (MPC) zentroetako lehendakaria. Jakiunde, Euskal Herriko Zientzien, Arteen eta Letren Akademiaren ohorezko presidentea, Zientzien Errege Akademiako eta Académie Royale de Belgiqueko kide oso eta European Physical Societyko ohorezko kidea.
Sari ugari jaso ditu. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Ikerketako Euskadi Saria (1996), Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria (1998), Fisikako Max Planck Saria (1998), Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala (2005) eta Donostiako (2000) eta Nafarroako Urrezko Domina (2016). Gainera, Doctor in Science da Cambridgeko Unibertsitatean (1998), eta Doctor Honoris Causa beste sei unibertsitatetan.
Bere ikerketalanaz gain (aldizkari espezializatuetan 400 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta nazioarteko biltzarretan eta mundu osoko unibertsitate eta erakunde entzutetsuetan 200 hitzaldi gonbidatu baino gehiago), azken urteotan ahalegin handia egin du zientzia jarduera ekonomiko eta kultural gisa sustatzeko, eta zientifikoki informatuta dagoen gizartearen garrantzia nabarmentzeko.