Bisitak, jendea eta erakundeak
Testuak: Antonio Moreno González doktorea
Palestinako lurretan egin zuen ia hilabeteko egonaldia amaitu ondoren, asentamendu judutarren aurrerapena babestuz, nekazaritzako aurrerapenekin jarraitzeko animatuz eta Jerusalengo Unibertsitate hebrearra inauguratuz, Bartzelonarantz joan zen eta han lehorreratu zen 1923ko otsailaren 23an. Handik Madrilerantz atera zen martxoaren 1ean eta bertan egon zen hamar egunez. Martxoaren 12an Zaragozarantz abiatu zen eta handik Frantziako mugara hilaren 15ean eta horrekin amaitutzat eman zuen Espainiako bisita. Bilbotik joan zen, han Kulturaren Euskal Batzordearen gonbitea jaso zuen bertan geratu eta hitzaldi batzuk emateko, baina ez zuen onartu, agian munduan bidaiatzen pasatu zuen denbora guztiko nekearen ondorioz. Gauza bera gertatu zen Valentziako Ateneo Zientifikoak egindako gonbitearekin.
Bere emaztearekin etorri zen Einsteinek egindako plana hiru hirietan antzekoa izan zen: hitzaldi batzuk eman - Madrilen eta Bartzelonan lau eta bi Zaragozan-; lekurik enblematikoenak bisitatu eta ahal zenean inguruetan ibilbideren bat egin, adibidez, Toledo bisitatzeko aprobetxatu zuten, eta Einstein berak "maitagarrien istorio bezala" gogoratzen du, kaleek, ibaiak, katedralak eta sinagogek onerako harritu baitzuten. Madrilgo mendiak eta El Escoriala ezagutzeko aukera ere izan zuen.
Egonaldia kudeatu zutenak Lana Serrate, Rey Pastor, Terradas, Cabrera eta Cajal izan ziren, batzuk Institut d´Estudis Catalansen izenean jardun ziren eta beste batzuk Zientzia Ikerketak Zabaltzeko Batzordearenean eta Bartzelona eta Madrilgo bisitak antolatu zituzten. Zaragozaren kasuan, Jeronimo Vecino eta José Riusek hartu zuten parte Zaragozako Unibertsitatea ordezkatuz.
Espainiara etortzea onartzeko, Einsteinek Rey Pastorri hizkuntzekin zituen arazoak adierazi zizkion:
"Gonbita onartuko dut baina nire hitzaldiak zientziaren alorrera mugatu eta marrazki eta formula matematikoz baliatu ahal izatearen baldintzarekin. Espainolez hitz egiteko inolaz ere gai ez naizenez eta nire frantsesaren ezagupena ere oso ona ez denez, ez nintzateke nire hitzaldiak aurkezteko gai izango hitzez bakarrik baliatu beharko banu. Alemana da nire teoriari buruz ulertzeko moduan hitz egiteko gai naizen hizkuntza bakarra.
Jakinarazten dizut atseginez espero dudala zu berriz ikustea eta zure herrialde zoragarria neronek ezagutzea".
Hitzaldiak Zaragozan erlatibotasun bereziaren eta erlatibotasun orokorrari buruzkoak izan ziren. Bartzelonan eta Madrilen bi hitzaldi horietaz gain ikerketa berriei buruzko bat eta erlatibotasunaren ondorio filosofikoei buruzko orokorrago bat ere eman zituen. Bertaratuek antolatzaileen aurreikuspenak gainditu zituzten, bisitari entzutetsua zertaz ari zen ulertzen zuten ala ez -hori zen gehienen kasua- alde batera utzita; eguneroko prentsak Einsteinek parte hartu zuen ekitaldi guztien berri eman zuen; bisitatutako hirietako Zientzia Akademiek izendapen gorenekin ohoretu zuten; erregea bera joan zen Albert Einsteini Zientzia Zehatza, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiak emandako akademiko korrespontsalaren diploma entregatzeko saiora, non Instrukzio Publikoko Ministro zen Joaquín Salvatellak ekitaldia honako hitzekin itxi zuen:
"Einstein irakaslea zoriontzerakoan esan diezaioket Espainiako Subiranoaren eta Gobernuaren borondatez azken hori Erregeak gerran zehar hasi zuen bake-lana jarraitzeko eta alemaniar jakintsuei beren ikerketetan laguntzeko prest dagoela, horien lana nagusiki beren jaioterriko egoera ekonomikoak zailtzen baitu".
Ikusiko dugu hitz horiek ez zirela bere horretan geratu, 1933an Espainian Einstein Institutuaren sorkuntza aztertzerakoan ikusiko dugun moduan.
Einsteinek bere oroitzapenak biltzen dituen bidaiako egunkari laburrean erregeaz honakoa dio "sinplea eta duina, miresmena eragin zidan"; hitzaldietara joan zirenen inguruan honakoa adierazten du: "adi zegoen auditorioa, nahiz eta ziurrenik ez zuen ezer ulertu"; Cajal "zahar zoragarri" gisa kalifikatzen du; Prado Museoa izugarri gustatu zitzaion, Greco, Velazquez, Rafael, Goya eta Fra Angéligorekin; harrera ona, otordu goxoak, "emakume aristokratiko batekin hartutako tea", dantza-aretoren batera joan zela aipatzen du, azken finean, guztia oso atsegina, nahiz eta amaierako ohar gisa, barruan zuen gizon bakartia atera eta honakoa idatzi: "Festa, penagarria, betiko moduan".
Madrileko Unibertsitate Zentraleko Zientzia Fakultateko klaustroarekin, "San Bernardo kaleko etxetzar zaharrean", 1923